2011/03/22

INAUTERIAK: Munduko haurrak Adurtza Ikastolan....

Pasaden martxoaren 4an Inauteriak ospatu genituen ikastolan. Mozorroak jantzi genituen guztiok eta ikastola munduko haurrez bete genuen.

Haur Hezkuntzakook indio bihurtu ginen, Lehen Hezkuntzako  1. ziklokoek inuitaz jantzi ziren, 2. ziklokoek txinatarrez, eta azkenik, 3. ziklokoek zingaro bilakatu ziren.

Txarangarekin batera ikastolaren inguruan desfilea egin eta gero, patioan 3 borobil egin eta Markitos eta Sambaole dantzatu genuen, eta baita gauza txarrez betetako kalabaza erre ere.

Bukatzeko, Guraso Elkarteak prestatutako txokolatea eta bizkotxoa hartu genuen, Lehen Hezkuntzakoak patioan eta Haur Hezkuntzakoak geletan.

Jende asko etorri zen gu ikustera (gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak, lagunak, …) eta oso ondo pasa genuen guztiok batera.

Begira zein politak zeuden HH 5 urte B-ko indio txikiak!!



Hona hemen Adurtza Ikastola!!

Aurten 25 urte betetzen dituen Adurtza Ikastolak Gasteizko Adurtza auzoan dago kokatuta, Iturritxu kaleko 8. zenbakian hain zuzen ere.


Nortasun ezaugarriak eta baloreak
Adurtza Ikastolak euskaldun eta publikoa den ikastetxe bezala ikusten du bere burua, gurasoen elkarlanarekin ikasleriaren formakuntza oso bat lortu nahirik. Euskal kulturaren zabalkunde eta ezagutzaren alde lagundu nahi du, euskara bultzaturik eta ikasleengan giza baloreak bilakatuz, gizartean aktiboki parte har dezaten.

Hauetaz gain, egunerokotasunean jarrera kritikoa, hezkidetza, aniztasuna, afektibitatea, autoestima, autonomia, errespetua, askatasuna, elkarrizketa eta berdintasunerako hezkuntza bultzatzen saiatzen dira.


Instalakuntza eta zerbitzuak
Ikastolako beheko solairuan Haur Hezkuntzako instalazioak daude, eta goiko solairua, aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat dago prestatuta.
Zuzendaritza, gimnasioa eta jantokia eraikin nagusitik kanpo daude.

Ikastolako gainontzeko instalazioak honako hauek dira: liburutegia, bi ikus-entzunezko gela, aretoa, psikomotrizitate gela, laborategia, Mundilab gela, informatika gela, ingeleseko gela, logopeda gela, fisioterapia gela, marrazketa gela, tailer gelak, zeramika tailerra, argazki laborategia, jolastoki zabala, pilotalekua, futbol zelaia, aterpea, baratza eta ikastolari dagokion Udal - Polikiroldegia.

Bestalde, ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuen artean honako hauek daude: Hezkuntza Berezia (Heziketa Bereziko gelak eta kontsultorea), logopeda, garraioa, jantokia eta PATeko talde multiprofesionalaren laguntza.

Ikastolak, Guraso Elkartearen bitartez, eskolaz kanpoko ekintza desberdinak antolatzen ditu, ikasleen heziketa integralerako osagaia izan daitezen helburutzat dutelarik, eta honez gain honako asmo hauekin: euskara bultzatzea, ikasleen interesei erantzuna ematea eta hauek ikastolako bizitzan era desberdin batean parte hartzea eta ikastolak dituen baliabideak aprobetxatzea.

2011/03/21

IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak)

Gure gizarte honetan gero eta garrantzi gehiago dute teknologia berriek.
Hori dela eta, unibertsitatean Haur Hezkuntzan IKTak erabiltzeari buruz eta bere funtzionamenduari buruz gabiltza hitz egiten.
Gai honi buruz guk landutakoa azaltzen dizuegu ondorengo bi mapa kontzeptualen bidez: alde batetik, IKT-ak Haur Hezkuntzan,  eta bestetik, IKT-ak Hezkuntzan.



2011/03/16

Kaixo lagunak!!

Gasteizeko Irakasle Eskolako bi ikasle gara, Odei eta Nerea, eta Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berriak ikasgaiko irakasleak blog bat egitea eskatu digunez, hona hemen gure bloga!!
 Bertan ikastetxeko hainbat informazio luzatzen dizuegu, eta baita bertan burutzen diren zenbait ekintza ere.

 
Gure bloga gustatzea espero dugu, eta baita bertan argitaratzen dugun informazioa baliagarria suertatzea.