2011/04/18

MENDIAN JOLASEAN...

Hona hemen Mendiari buruz gauza asko ikasteko aukera!!

JClick honen bidez, joko desberdinen bidez primeran pasatzen duzuen bitartean, mendiko paisaiak urtaro desberdinetan ikus ditzakezue, mendiko lanbideak ikasi...

Jolastu ahal izateko zailtasunak badituzue bertan aipatzen diren pausuak jarraitu dagokion programa deskargatzeko.

Ea gustatzen zaizuen!!


2011/04/09

Arte Ederretako Museora bisita!!

Aste honetako asteazkenean, apirilak 6, Gasteizko Arte Ederretako Museora joan ziren txangoan Adurtza Ikastolako HH 5 urte B-ko umeak.

Ikastolatik autobusez joan ziren bertara M. Carmen eta Susanarekin batera, eta han Oihana izeneko begirale bat zuten zain.

Oihanarekin ekintza asko egin zituzten. Erretratuen eta bodegoien arteko desberdintasunak ikusi zituzten, margotzeko paleta nola hartzen den ikasi, eta baita "kutxa magikoa" ezagutu ere.
Taldeka bodegoi desberdinak sortu zituzten, gero marko batekin nola gelditzen ziren ikusteko, eta bukatzeko, bakoitzak aurpegi bat sortu zuen.
Joan baino lehen libreta bana oparitu zieten ume bakoitzari.

Oso ondo pasa zuten goiza haur guztiek, eta baita gauza interesgarri asko ikasi ere.

Ikusi zein politak diren bertan ateratako argazkiak eta nolako poz aurpegiak dituzten umeek!!!




2011/04/04

MAITATU, IKASI, ARI... EUSKALAKARI!

Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da.
Ekitaldi hau, euskararen alde antolatzen den jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da.
1980an 1. Korrika antolatu zenetik, 16 Korrika eta 30 urte igaro dira.


2011ko apirilaren 7an Trebiñun hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez Korrikak, apirilaren 17an Donostiara heldu arte. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Hemen daukazue Korrika 17k egingo duen ibilbidea, herriz herri eta orduz ordu zehaztuta:

 

Adurtza Ikastolak ere Korrikan parte hartuko du apirilak 14 Gasteizetik pasatzen denean, baina honetaz gain apirilak 12, asteartea, Korrika Txikiean ere parte hartuko du, eta baita ikastolan Korrika egin ere, aurrekora joan ahal ezin diren ikasleentzat.
Kontatuko dizuegu zer moduz pasatzen dugun!!


Eta bukatzeko hona hemen Korrika 17ren abestia, Gose taldearen eskutik.


Adurtza Ikastolak 25 urte betetzen ditu!!

Adurtza Ikastolak 25 urte betetzen ditu aurten, eta hau ospatzeko ekintza asko antolatu ditu: zuhaitz-landaketak, aldizkari baten argitalpena, erakusketaldi desberdinak, ...  Ekainaren 11n jai handi bat ospatuko da, ikastola 1986an ireki zenetik bertatik pasa diren belaunaldi guztiak berriz ere elkartzeko.

2011/04/03

URTXINTXA PROIEKTUA

Adurtza Ikastolak Haur Hezkuntzako etapa osoan Urtxintxa metodoa erabiltzen badu ere, hemen, proiektuaren ezaugarri oroakorrak emateaz gaian, 5 urteko materiala zehaztuko da. 


PROIEKTUAREN EZAUGARRIAK

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze-prozesuan ere. Etapa horretan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratzeko eta harremanetarako hastapenak. Beraz, hezkuntza-arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian, hezkuntza-komunitatearen etengabeko ikerketa- eta hobekuntza-prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak hauek dira: hezkuntza-proiektua hobetzea, curriculum diseinuaren ulermen-maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar-lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.
Testuinguru horretan, ondorengo orrialdeetan URTXINTXAren ezaugarri nagusiak aurkezten dira.


a) Haurra bere osotasunean hartzen duen proiektua
• Gaitasunen garapenean oinarritua.
• Ikaskuntza esanguratsua eskaintzen duena eta ikasle aktiboaren bila dabilena.
• Aniztasuna errespetatzen duena.
• Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua.


b) Euskal Herria osorako egina
• Jatorriz euskaldun nahiz erdaldun diren haurrak euskaraz eta curriculum bateratuan hezteko proposamena.
• Curriculumaren euskal dimentsioari garrantzia ematen diona.
• Herrialde guztietako erreferentziak jaso eta euskalkien presentzia ziurtatuko duena.
• Euskalduntasunetik abiatuz, kultura unibertsalerako bidea egingo duena.


c) Diseinu bateratua eta orokorra
• Derrigorrezko Hezkuntzarako curriculum deskribapen bateratua. .
• Hezkuntza asmoak argi eta zuzen azaltzen dituena.

Proiektu honek hainbat material eskaintzen ditu ikaslearentzat eta irakaslearentzat, hiru hiruhilabetetan banatuta: ikaslearen karpeta, irakaslearen karpetak, ipuinak, musika-CDak, CD-ROMa eta irakaslearentzako gidaliburua.
Honetaz gain, urte bakoitzeko materialak maskota moduko bat du: 3 urtekoak TTANTTO, 4 urtekoak TXIRRITX eta 5 urtekoak XANGO.




Hona hemen 5 urteko metodoa:
1. gaia: Ikastola (Izenburua: Lagun berriak)
2. gaia: Garraioak eta bidaiak (Izenburua: Munduari biraka)
3. gaia: Udazkena (Izenburua: Zatoz hostoen eta perretxikoen erakusketara!)
4. gaia: Gabonak (Izenburua: Dingilidron, gaur Gabon)
5. gaia: Antzerkia neguan (Izenburua: Guk beti jai)
6. gaia: Inauteriak (Izenburua: Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi)
7. gaia: Gorputza (Izenburua: Horrelakoa naiz!)
8. gaia: Elkarrekin bizi gara (Izenburua: Kalean gora, kalean behera)
9. gaia: Ingurunea zaintzen (Izenburua: Zaborrik gabe, hobe!)
10. gaia: Udaberria (Izenburua: Txio-txio txoriak)
11. gaia: Eraikuntza (Izenburua: Kox-kox, mailuaz iltzeak joz)
12. gaia: Oporrak eta San Joan sua (Izenburua: San Joan sua, oporrak)