2011/05/14

EGINGO DITUGUN IRTEERAK!!

Nahiz eta ikasturtea bukatzear dagoen, oraindik hainbat ekintza berezi geratzen zaikigu egiteko.

- Maiatzak 25, asteazkena, Iparralde Gizarte Etxeko Beñat Etxepare antzokira joango gara "Etxe asmatua" obra ikustera. Ekintza hau 5 urteko beste gelakoekin batera egingo dugu.


- Hurrengo egunean, maiatzak 26, osteguna, gure auzoko Gizarte Etxeko ludotekara joango gara, Hegoaldera. Bertara arratsaldea pasatzera joango gara, eta ibilbidea oinez egingo dugu, ikastolatik oso gertu dagoelako.

- Ekainak 17, ostirala, kurtso bukaerako txangoa egingo dugu. Txango hau goizez izango da, eta Haur Hezkuntzako gela guztietako umeekin batera joango gara autobusean.

"ERREKA MARI"

Aste honetako asteartean, maiatzak 10, Enkarni Genua etorri zitzaigun ikastolara bere txontxongiloekin batera.

Duela 30 urte baino gehiago, 1978. urtean hain zuzen ere, berak asmatu zuen "Erreka Mari"ren ipuina kontatu zigun, Euskal Herriko azken lamiarena.

Oso polita izan zen eta asko disfrutatu genuen guztiok, konturatu gabe ipuin-kontalariak bere istorian murgildu zigulako.

TXOKOAK

Txokoetan egotea da 5 urteko B gelakoei gehien gustatzen zaiena, izan ere, beti daude txokoetara joateko ordua noiz iritsiko den pentsatzen.

Gure gelan lau txoko desberdin daude (plastika txokoa, etxe txokoa, eraikuntza txokoa eta jokoen txokoa), bakoitza gelako izkina batean kokatuta. Txokoetan ikasturtean zehar hiru aldiz aldatzen diren lauzpabosteko taldeetan egoten dira umeak, saio bakoitzean, txokoz aldatu behar denean, talde osoa txokoz aldatuz. Nahiz eta txoko bakoitza gauza konkretu batzuk egiteko prestatuak egon, txokoetako jolasa librea da.

Plastika txokoan daudenean, normalean lanean aritzen dira umeak, fitxa bat edo gaiaren beste edozein jardueraren bat egiten. Lanik egin behar ez dutenean, plastika lantzeko gauza desberdinak egiten dituzte txoko honetan; marrazkiak (margoak, errotulkiak, akuarelak, … erabiliz), plastilinarekin eraiki, gauzak moztuz eta itsatsiz collageak egin, eta abar.

Etxe txokoan jolas sinbolikoa landu dezakete haurrek bertan dagoen material desberdinari esker.  Alde batetik, etxe batean aurkitu daitezkeen gauzak daude: sukaldetxoa, platerak, edalontziak eta mahai tresnak, janariak, plantxa, … Bestalde, eguneroko erosketetan aurkitu ditzakegun gauzak daude: erregistrakutxa, txanponak eta billeteak, erosketak egiteko gurditxoa, … Medikuetara jolasteko gauzak ere daude, eta honekin batera janzteko arropa eta osagarri desberdinak: alkandorak, zapiak, poltsak, …

Eraikuntza txokoan, eraikuntzak egiteko blokeak eta legoak egoteaz gain animali desberdinak daude, eta honekin batera hauentzat baserri bat eraikitzeko materialak ere. Gelako ordenagailua txoko honen ondoan dago, horregatik, haurrak txoko honetan daudenean ordenagailuan aritzeko aukera ere dute, Xangorekin batera Urtxintxako jolasetara edota matematika lantzeko jolasetara jolasteko.

Bukatzeko, jokoen txokoan umeek jolasteko jolas desberdinak daude: partxisa, antzara, dama-jokoa, puzzleak, segidak osatzeko piezak eta sokak, koloreetako “pintxitoekin” irudiak egiteko materiala, zapatiletako lokarriak lotzen ikastekoak, irudi batzuen gainean jartzeko arropa imantatua, eta abar luze bat. Orokorrean horrela gertatzen ez bada ere, lan asko dagoenean egiteko txoko hau horretako ere erabiltzen dute.


PSIKOMOTRIZITATEA

Ostiraleko arratsaldeak dira umeek gehien atsegin dituztenak, psikomotrizitate gelara joatea tokatzen baita.

Bertan, behin zapatilak eta jertsea kendu eta denen artean arauak birgogoratu dituztenean, M. Carmenek 1, 2 eta 3 esaten duenean  honek prestatutako pareta botatzera ateratzen dira korrika haurrak.

Honen ondoren jolas librea egiten ematen dute arratsalde osoa, material desberdina erabiliz: koltxonetak, sokak, arropak eta oihalak, blokeak, txurroak, …


2011/05/11

NEGUA (WebQuest)

Ikusi NEGUAri buruz egin dugun WebQuest-a!!

Unitate Didaktiko moduko honetan irakasle nahiz gurasoekin gai hau lantzeko ariketa desberdinak dituzue.

Anima zaitezte eta ekin, negua modu praktikoan ezagutzeko aukera paregabea baita!!

TXANOGORRITXU eta OTSO BELTXU!!

Hona hemen txontxongiloekin Txanogorritxuri buruz egin dugun antzerkia.

Ez da zuek ezagutzen duzuen betiko Txanogorritxoren istorioa, honetan Otso Beltxu ez baita maltzurra...


Ea zer iruditzen zaizuen!!!





2011/05/06

Zetazko harrak gelan!!

Aste honetako ostegunetik zetazko harrak dituzte Haur Hezkuntzako gela guztietan.
5 urteko B gelara Herensugeak ekarri zituen.


Hauei argazki bat aterako zaie astero, bukaeran haurrek har izatetik tximeleta bihurtu arteko eboluzio osoa ikusi ahal izateko. Prozesua azaltzeko testu bat asmatuko dute, eta baita etxera eramateko aldizkaritxo bat egin ere.

Astean zehar gelan egoten dira eta masustondoen hostoak ematen dizkiete umeek jateko, baina asteburuetan ezin direnez ikastolan bakarrik gelditu, hauek zaintzeko etxera eramateko txandakatzen dira haurrak.

2011/04/18

MENDIAN JOLASEAN...

Hona hemen Mendiari buruz gauza asko ikasteko aukera!!

JClick honen bidez, joko desberdinen bidez primeran pasatzen duzuen bitartean, mendiko paisaiak urtaro desberdinetan ikus ditzakezue, mendiko lanbideak ikasi...

Jolastu ahal izateko zailtasunak badituzue bertan aipatzen diren pausuak jarraitu dagokion programa deskargatzeko.

Ea gustatzen zaizuen!!


2011/04/09

Arte Ederretako Museora bisita!!

Aste honetako asteazkenean, apirilak 6, Gasteizko Arte Ederretako Museora joan ziren txangoan Adurtza Ikastolako HH 5 urte B-ko umeak.

Ikastolatik autobusez joan ziren bertara M. Carmen eta Susanarekin batera, eta han Oihana izeneko begirale bat zuten zain.

Oihanarekin ekintza asko egin zituzten. Erretratuen eta bodegoien arteko desberdintasunak ikusi zituzten, margotzeko paleta nola hartzen den ikasi, eta baita "kutxa magikoa" ezagutu ere.
Taldeka bodegoi desberdinak sortu zituzten, gero marko batekin nola gelditzen ziren ikusteko, eta bukatzeko, bakoitzak aurpegi bat sortu zuen.
Joan baino lehen libreta bana oparitu zieten ume bakoitzari.

Oso ondo pasa zuten goiza haur guztiek, eta baita gauza interesgarri asko ikasi ere.

Ikusi zein politak diren bertan ateratako argazkiak eta nolako poz aurpegiak dituzten umeek!!!




2011/04/04

MAITATU, IKASI, ARI... EUSKALAKARI!

Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da.
Ekitaldi hau, euskararen alde antolatzen den jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da.
1980an 1. Korrika antolatu zenetik, 16 Korrika eta 30 urte igaro dira.


2011ko apirilaren 7an Trebiñun hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez Korrikak, apirilaren 17an Donostiara heldu arte. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Hemen daukazue Korrika 17k egingo duen ibilbidea, herriz herri eta orduz ordu zehaztuta:

 

Adurtza Ikastolak ere Korrikan parte hartuko du apirilak 14 Gasteizetik pasatzen denean, baina honetaz gain apirilak 12, asteartea, Korrika Txikiean ere parte hartuko du, eta baita ikastolan Korrika egin ere, aurrekora joan ahal ezin diren ikasleentzat.
Kontatuko dizuegu zer moduz pasatzen dugun!!


Eta bukatzeko hona hemen Korrika 17ren abestia, Gose taldearen eskutik.


Adurtza Ikastolak 25 urte betetzen ditu!!

Adurtza Ikastolak 25 urte betetzen ditu aurten, eta hau ospatzeko ekintza asko antolatu ditu: zuhaitz-landaketak, aldizkari baten argitalpena, erakusketaldi desberdinak, ...  Ekainaren 11n jai handi bat ospatuko da, ikastola 1986an ireki zenetik bertatik pasa diren belaunaldi guztiak berriz ere elkartzeko.

2011/04/03

URTXINTXA PROIEKTUA

Adurtza Ikastolak Haur Hezkuntzako etapa osoan Urtxintxa metodoa erabiltzen badu ere, hemen, proiektuaren ezaugarri oroakorrak emateaz gaian, 5 urteko materiala zehaztuko da. 


PROIEKTUAREN EZAUGARRIAK

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze-prozesuan ere. Etapa horretan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratzeko eta harremanetarako hastapenak. Beraz, hezkuntza-arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian, hezkuntza-komunitatearen etengabeko ikerketa- eta hobekuntza-prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak hauek dira: hezkuntza-proiektua hobetzea, curriculum diseinuaren ulermen-maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar-lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.
Testuinguru horretan, ondorengo orrialdeetan URTXINTXAren ezaugarri nagusiak aurkezten dira.


a) Haurra bere osotasunean hartzen duen proiektua
• Gaitasunen garapenean oinarritua.
• Ikaskuntza esanguratsua eskaintzen duena eta ikasle aktiboaren bila dabilena.
• Aniztasuna errespetatzen duena.
• Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua.


b) Euskal Herria osorako egina
• Jatorriz euskaldun nahiz erdaldun diren haurrak euskaraz eta curriculum bateratuan hezteko proposamena.
• Curriculumaren euskal dimentsioari garrantzia ematen diona.
• Herrialde guztietako erreferentziak jaso eta euskalkien presentzia ziurtatuko duena.
• Euskalduntasunetik abiatuz, kultura unibertsalerako bidea egingo duena.


c) Diseinu bateratua eta orokorra
• Derrigorrezko Hezkuntzarako curriculum deskribapen bateratua. .
• Hezkuntza asmoak argi eta zuzen azaltzen dituena.

Proiektu honek hainbat material eskaintzen ditu ikaslearentzat eta irakaslearentzat, hiru hiruhilabetetan banatuta: ikaslearen karpeta, irakaslearen karpetak, ipuinak, musika-CDak, CD-ROMa eta irakaslearentzako gidaliburua.
Honetaz gain, urte bakoitzeko materialak maskota moduko bat du: 3 urtekoak TTANTTO, 4 urtekoak TXIRRITX eta 5 urtekoak XANGO.




Hona hemen 5 urteko metodoa:
1. gaia: Ikastola (Izenburua: Lagun berriak)
2. gaia: Garraioak eta bidaiak (Izenburua: Munduari biraka)
3. gaia: Udazkena (Izenburua: Zatoz hostoen eta perretxikoen erakusketara!)
4. gaia: Gabonak (Izenburua: Dingilidron, gaur Gabon)
5. gaia: Antzerkia neguan (Izenburua: Guk beti jai)
6. gaia: Inauteriak (Izenburua: Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi)
7. gaia: Gorputza (Izenburua: Horrelakoa naiz!)
8. gaia: Elkarrekin bizi gara (Izenburua: Kalean gora, kalean behera)
9. gaia: Ingurunea zaintzen (Izenburua: Zaborrik gabe, hobe!)
10. gaia: Udaberria (Izenburua: Txio-txio txoriak)
11. gaia: Eraikuntza (Izenburua: Kox-kox, mailuaz iltzeak joz)
12. gaia: Oporrak eta San Joan sua (Izenburua: San Joan sua, oporrak)

2011/03/22

INAUTERIAK: Munduko haurrak Adurtza Ikastolan....

Pasaden martxoaren 4an Inauteriak ospatu genituen ikastolan. Mozorroak jantzi genituen guztiok eta ikastola munduko haurrez bete genuen.

Haur Hezkuntzakook indio bihurtu ginen, Lehen Hezkuntzako  1. ziklokoek inuitaz jantzi ziren, 2. ziklokoek txinatarrez, eta azkenik, 3. ziklokoek zingaro bilakatu ziren.

Txarangarekin batera ikastolaren inguruan desfilea egin eta gero, patioan 3 borobil egin eta Markitos eta Sambaole dantzatu genuen, eta baita gauza txarrez betetako kalabaza erre ere.

Bukatzeko, Guraso Elkarteak prestatutako txokolatea eta bizkotxoa hartu genuen, Lehen Hezkuntzakoak patioan eta Haur Hezkuntzakoak geletan.

Jende asko etorri zen gu ikustera (gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak, lagunak, …) eta oso ondo pasa genuen guztiok batera.

Begira zein politak zeuden HH 5 urte B-ko indio txikiak!!



Hona hemen Adurtza Ikastola!!

Aurten 25 urte betetzen dituen Adurtza Ikastolak Gasteizko Adurtza auzoan dago kokatuta, Iturritxu kaleko 8. zenbakian hain zuzen ere.


Nortasun ezaugarriak eta baloreak
Adurtza Ikastolak euskaldun eta publikoa den ikastetxe bezala ikusten du bere burua, gurasoen elkarlanarekin ikasleriaren formakuntza oso bat lortu nahirik. Euskal kulturaren zabalkunde eta ezagutzaren alde lagundu nahi du, euskara bultzaturik eta ikasleengan giza baloreak bilakatuz, gizartean aktiboki parte har dezaten.

Hauetaz gain, egunerokotasunean jarrera kritikoa, hezkidetza, aniztasuna, afektibitatea, autoestima, autonomia, errespetua, askatasuna, elkarrizketa eta berdintasunerako hezkuntza bultzatzen saiatzen dira.


Instalakuntza eta zerbitzuak
Ikastolako beheko solairuan Haur Hezkuntzako instalazioak daude, eta goiko solairua, aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat dago prestatuta.
Zuzendaritza, gimnasioa eta jantokia eraikin nagusitik kanpo daude.

Ikastolako gainontzeko instalazioak honako hauek dira: liburutegia, bi ikus-entzunezko gela, aretoa, psikomotrizitate gela, laborategia, Mundilab gela, informatika gela, ingeleseko gela, logopeda gela, fisioterapia gela, marrazketa gela, tailer gelak, zeramika tailerra, argazki laborategia, jolastoki zabala, pilotalekua, futbol zelaia, aterpea, baratza eta ikastolari dagokion Udal - Polikiroldegia.

Bestalde, ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuen artean honako hauek daude: Hezkuntza Berezia (Heziketa Bereziko gelak eta kontsultorea), logopeda, garraioa, jantokia eta PATeko talde multiprofesionalaren laguntza.

Ikastolak, Guraso Elkartearen bitartez, eskolaz kanpoko ekintza desberdinak antolatzen ditu, ikasleen heziketa integralerako osagaia izan daitezen helburutzat dutelarik, eta honez gain honako asmo hauekin: euskara bultzatzea, ikasleen interesei erantzuna ematea eta hauek ikastolako bizitzan era desberdin batean parte hartzea eta ikastolak dituen baliabideak aprobetxatzea.

2011/03/21

IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak)

Gure gizarte honetan gero eta garrantzi gehiago dute teknologia berriek.
Hori dela eta, unibertsitatean Haur Hezkuntzan IKTak erabiltzeari buruz eta bere funtzionamenduari buruz gabiltza hitz egiten.
Gai honi buruz guk landutakoa azaltzen dizuegu ondorengo bi mapa kontzeptualen bidez: alde batetik, IKT-ak Haur Hezkuntzan,  eta bestetik, IKT-ak Hezkuntzan.



2011/03/16

Kaixo lagunak!!

Gasteizeko Irakasle Eskolako bi ikasle gara, Odei eta Nerea, eta Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berriak ikasgaiko irakasleak blog bat egitea eskatu digunez, hona hemen gure bloga!!
 Bertan ikastetxeko hainbat informazio luzatzen dizuegu, eta baita bertan burutzen diren zenbait ekintza ere.

 
Gure bloga gustatzea espero dugu, eta baita bertan argitaratzen dugun informazioa baliagarria suertatzea.